Biografia

IGNACIO ZULOAGA, EIBARKO PINTOREA ETA EUSKAL HERRITAR UNIBERTSALA, titulu horixe hautatu dugu artista honen nortasuna eta artea irakurleei laburbiltzeko.
Horretara iristeko, kontuan hartu behar dira haren bizitza eta jatorria.
Artista eibartarren lau belaunaldik eusten zioten Zuloagari lur hartan, kontra eginez horizonte berrien bila joateko bultzatzen zuen deiera eutsiezinari.
Marrazketak eta pinturak aitaren presioak baino gehiago tentatzen zuten, eta, beraz, meatze-ingeniaritzako ikasketak egitea agintzen zioten lotura horiek hautsi beharra zeuzkan.
Haustura horrek erresumin iragankor bat eragin zuen Placido Zuloaga aitarengan.
Euskal ekonomiaren hedapenak, XIX. mendearen bigarren erditik aurrerako hirigintza-garapenean, lana eman zien arkitekto eta eskultoreei. Artean iritsi gabe zegoen pintoreentzako garaia.
Eibar utzi, eta Madrilera joan zen, El Prado Museora, Espainiako Urrezko Mendeko maisu handiak ikastera. Nolabaiteko prestakuntza bat bazuela uste izan zuenean, Erromara joan zen, hilabete batzuetako egonaldi labur bat egitera; gero, Londresera; eta, azkenik, 1889an, Parisera. Europako Artearen hiriburua zen hura orduan, eta eragozpenez betea zegoen hasiberrientzat; beraz, aberkideei eskatu zien laguntza eta babesa. Han bizi ziren Uranga gasteiztarra, Durrio Granier valladolidarra, Regoyos asturiarra, klana osatuz talde katalan batekin, Rusiñol, Casas, Pichot eta abar, oso lotuak Gauguin, Dethomas, Blanche, Toulouse-Lautrec margolari frantsesekin. Aldi berean, Henri Gervex eta Carrière lehen maisuen mende jarri zen, eta lehen batzarretan parte hartzen hasi zen. Aurreratuena, orduan, madame Bulteaurena zen –Maxime Dethomasen eraginez, zeina koinatu bihurtu baitzitzaion gerora–, non elkartzen baitziren zenbait artista eta literato, hala nola Noailleseko kondesa, Loti, Barres, Heredia, Blanche –aipatu dugu lehen ere–, Pierre Louÿs eta Léon Daudet. Bizitza kosmopolita eta plurala eraikiz joan zen: hizkuntzak, ohiturak, iritziak.
Jaiolekuko lainoak ez zuen askorik koloreztatu haren paleta, ezta Senakoak ere. Bi eragile erabakigarri daude Zuloagarengan, guztiz kontrajarriak: gainerakoen gustuak eta berarenak. Espainiako epaimahaiak ez zituen onartu haren lanak 1900eko Parisko Erakusketa Unibertsalerako. Erdeinu hori eta Frantziarekin zuen lotura zirela eta, hau idatzi zion Darío Regoyosek: Ondo egin duzu Las Batuecasetik alde eginda. Espainia osoa “batueca” ikaragarri bat da, arrautza ustel bat alegia. Hori dela eta, har ditzagun Espainiako tipoak, herriak, mendiak… baina sekula ez utzi gure obrak arrautza ustelez osatutako epaimahai baten esku epaitzeko…
Andaluzian egin zuen lan 1893tik 1898ra. Haren koadroak espainiarrak ziren, baina frantsesez mintzo ziren. 1898an, El Pradoko maisuen sustrai sakonak aurkitu zituen Segovian. Hamasei urtez egin zuen lana Gaztelako hiri horretan. Bere lanak ez zituen epaimahai ustelen esku utzi; berak eraman zituen Europako erakusketa handietara.
1902an, Parisko Arte Ederren Elkarte Nazionaleko bazkide izendatu zuten. Augusto Rodinek “nire maisu estimatu” gisa tratatu zuen. 1904an, Rodinekin batera egindako erakusketan, Zuloagak arrakasta izan zuen Düsseldorfen. Europako ateak erabat zabaldu zitzaizkion. Urte horietan eta hurrengoetan, Parisko Arte Ederren Aretora joatean, goretsi egin zuten. 1909an, Estatu Batuetara bidali zituen zenbait koadro. Arrakasta izan zuten lau erakusketetako lehena izan zen hura. Azkena, 1924 eta 1925ekoa, Estatu Batuetako zenbait estatutan ibili zen, eta Kubakoa apoteosikoa izan zen. Mexikon, Argentinan eta Txilen txalotzen zuten bitartean, Veneziako sari nagusia eskuratu zuen 1903an, eta Italiako erregearena, Erroman, 1911n (haren herrikideak Eibarren elkartu ziren, oturuntza handi batean, 1912ko urtarrilaren 6an, hura ospatzeko; eta Madrilen bizi ziren artistek 1914an ospatu zituzten arrakasta etengabeak).
Espainiako estatuko museo garrantzitsuenetan jarri zituen koadroak, bildumagile zorrotzek erosi zituzten, argazkiak egiteko eskaerak egin zizkioten… Europa osoan sakabanatuta zeuden haren obrak: San Petersburgotik Budapestera, Berlindik Tristera. Eta Amerikan ere bai, esan dugunez. Ez al zen unibertsala ja?
Albako dukeak beraren, emaztearen eta alabaren erretratua egiteko eskatu zion, eta obra horiek Espainiako nobleziaren ateak ireki zizkioten. Industriako, merkataritzako, finantzetako… handikien enkarguak iritsi zitzaizkion. Espainiako erretratugilerik onena zen.
Loria hori berriro euskal lurretan bizi zela dastatu zuen. Kantauriko itsasertza zeharkatu zuen, eta Eibartik hurbil, Zumaian, lurrak erosi zituen etxebizitza, museoa eta tailerra jartzeko.
Atseden hartzeko unea zen. Familiarekin eta Santiago-Echea bisitatzen zuten lagunekin gozatzeko garaia. Atzean geratu ziren borroka-etapak, Paris, Andaluzia, Segovia, hots, “lagundu zion hiria, eta inguruneak gizakiari loria eta ospea lortzeko eragiten dion modu sekretu eta indartsua”.
Itsasoaren ertzean gozatu zuen loria eta ospe hori, itsasoak inguratzen zuela. Bide batez, aipatzekoa da inoiz ez zuela margotu itsasorik (ia derrigorrezko bi agerpen baino ez daude, bi hondotan). Hala aitortu zuen: “etsipenez oroitzen eta bilatzen dut […] indar handikoa, sendoa, zakarra eta are garratza; […] horregatik eman dizkit Gaztelak erabateko lilura eta ilunantzak, kolore urdin, gorrimin eta horien kontraste biziak, eta urruneko irudi lanbrotsuen gris paregabeak, hondo gorenen eta nire paletak betikotu dituen paisaia integral bakarren elementu kardinalak”.
Azkenik, Madrilek, 1926an, harrera ofiziala egin zion, errege-erreginak aurrean zirela.
Eta denbora hartu zuen Zumaian bere familia erretratatzeko; Quintín de la Torre, Beobide, Alcorta eta Basilio Iraizoz lagunak ere bai, besteak beste; Espainiako paisaia ederrenen bilduma bat egin zuen; eta natura hil eta konposizio zenbait.
Minez ikusi zuen bere lagun mina hiltzen, “anaia” bihotzekoa, Pablo Uranga pintorea. Paco Durriori lagun arruntaren esfingearekin medailoi bat zizelkatzeko agindu zion, eta, urriko goiz batean, tailerreko lagun eta bisitariei arreta emanez udan betetako konpromisoak utzitakoan, isilik, nabarmenkeriarik gabe, Elgetara igo zen —askotan margotu zuten elkarrekin han—, iturri publikoan bere eskuekin jartzeko. Sinbolikoki, ibilaldi bat izan zen, bere lurreko haran eta mendi maiteetan garatutako artista-multzo bati aitortza egiteko.
Madrilera itzuli behar zuen, Las Vistillaseko estudiora, amaitu gabeko lana utzi zuen lekura. Handik egun batzuetara, ordu batzuetara, Igualatoriaren bitartez, gizakiak “garai guztietako euskal artisten artean nazioartekoena” izendatu zuen.
Mariano Gómez de Caso