Gaztelua

Gaztelua

Jatorrizko egitura erromatarren garaikoa da; haren gainean, gotorleku musulman bat eraiki zen. Erdi Aroan gotortu zen, eta, gero, Bernardino Fernández de Velascok berritu zuen, baita haren ondorengoek ere gerora: Pedro jaunak eta Iñigo jaunak.

         Jaun feudala ez zen beti gazteluan bizi, errege-gortea gertaeren arabera aldatzen baitzen tokiz, eta zerbitzatzen zutenek Gaztela osoan zituzten jabegoak. Fernández de Velascoren leinuak, esate baterako.

         Gazteluko sarrerako ate iltzeztatuaren gainean, markoan dituen dobeletan, Pedro jaunaren armak agertzen dira.

           Kondestableak sarritan bizi izan ziren bertan; beren interesak zirela eta, talka egin zuten Hiribilduaren eta Lurraren Komunitatearen aurka, eta handik sortu ziren zenbait gatazka Justiziaren aurrera iritsi ziren. Luciano Municio Gómez jaunak sakon aztertu zituen gai horiek, eta Pedraza y su Tierra (Pedraza eta eskualdea) (1986) eta Legajos apolillados (Sitsatutako paper-sortak) (1992 eta 2007) lanetan argitaratu.

Gaztelua menderaezina zen gotorleku harkaiztsu hari orduko armekin eraso egiten ziotenentzat. Hegoaldeko horma-ataletara iristeko, harresiz inguratutako herri haren sarbide bakarra bortxatu beharra zegoen.

Gaztelura iritsi, hobia gainditu eta ate izugarria eraitsi behar zuten, zeina garitote batzuek babesten baitzuten, defentsa-sistemarik oneneko barbakanaren bidez lotuak.

Atean, burdin sarea aurkitzen zuten erasotzaileek, jaitsita; gero, atalondo txiki bat, arma-patioaren sarreraren aurretik, eta hiru solairuko omenaldi-dorrea, gotortua hura ere. Eskuinean, patiora sartzeko, ojiba-ate bat, orraziduna, horma trinkoaren oinetan; gero, pasabide estu bat, defendatzen erraza; eta atzean arma-plaza, mugatzen zuten horma garaietatik ondo babesteko modukoa. Gazteluan, inbaditzaileek ez zuten tranpak besterik topatzen: eskailera kiribil estu bat, putzuak, lurpeko pasabideak eta ziega ilunak.

Gaur egun, dorreak dira izan zenaren oroigarri: oinplano poligonala, harlanduzko fabrika, gelaz gela zihoazen matakanez eta almenaz inguratua.

Erraz defendatu ziren Enrike IV.a erregearen indarren erasoen aurrean, esate baterako. Erregeak Tureganoko gaztelutik bidali zituen bere indarrak, menperatutako eremua ahultzeko, non Juan Arias Dávila gotzainak agintzen baitzuen, eta hura Isabel Katolikoaren aldekoa baitzen.

Gaur egun, murru biluziak ikusten dira garai batean gelak zeuden tokietan; nabarmenak baitira haien euskarriak. Seguruenik, hegoaldera begira zegoen galeria bat egongo zen patioaren erdian.

Historian bada gertaera bat Pedrazako gazteluari bere lekua egin diona. Bertan hartu zuten ostatu ezinbestean, bost hilabetez, Frantziskok, Frantziako Izurde eta Bretainiako dukeak, eta haren anaia  Henrike Orleanseko dukeak. Haientzat, 1529ko maiatzaren 18an zabaldu ziren ateak. Zerbitzarien eta zaindarien segizio handia lagun zutela etorri ziren printzeak. Frantzisko I.a, aita, preso hartu zuten Karlos I.a enperadorearen tropek, Paviako batailan, 1525eko otsailaren 25ean. Madrilen egon zen kartzelan, eta “Madrilgo Ituna” sinatzean geratu zen aske. Frantzisko I.ak, agindutakoa beteko zuela ziurtatzeko, aipatutako bi semeak bidali zituen bahi gisa Espainiara. Fernandez de Velasco kondestableak eta haren anaia Berlangako markes Juan de Tovar jaunak zaindu zituzten haurrak.

Diego de Colmenares, beren liburuan “Historia de la insigne Ciudad de Segovia” (Segoviako hiri txit argiaren historia), II. liburukia, 217. orrialdea:

Gure korrejidorea enperadorearen aginduz abiatu zen Pedrazara; han, aurtengo [1530] martxoaren hamaseian, printzeen zaindarien omenaldia egin zien kondestableari eta anaiari. (…) Goratuta, kondestableak Hondarribian jarri behar izan zituen, non elkartu baitziren Leonor erreginarekin, zeinarekin batera baitzegoen gure gotzaina. Álvaro de Lugo jaunak, zeina Valladolideko korrejidorea baitzen, enperadorearen aginduz eta Frantziskoren ama erreginaren eta madama Margarita Karlosen izebaren arteko Cambraiko itunaren arabera, hauek zenbatu zituen Frantziako Baionan: milioi bat eta berrehun mila urrezko eguzki-ezkutu, hirurogeita hamaika ezkutu eta erdiko pisua marko bakoitzeko; eta hogeita bi kilate eta hiru laurdeneko legeko zenbait txanponetan.

Hala amaitzen da Frantzisko I.a Frantziako erregea Pedrazan izan zeneko pasartea.

Mariano Gómez de Caso Estrada