IGNACIO ZULOAGA (1870-1945) PEDRAZAN

1917an, hala esan zion IGNACIO ZULOAGAk Daniel Zuloaga osabari: “Duela hemezortzi urte hasi nintzen Segoviara joaten; han margotu ditut nire koadro nagusiak, eta pintatzen jarraitu nahi dut ahal dudan bitartean, benetako maitasuna baitiot herri horri… “
1945ean, bat-batean hil baino hilabete batzuk lehenago, zera esan zion Esteban Calle Iturrino kazetari bilbotarrari, eta honela jaso zuen hark Vida Vasca aldizkarian: “Horregatik maite dut hainbeste Gaztela; horregatik eman dizkit Gaztelak erabateko lilura eta ilunantzak, kolore urdin, gorrimin eta horien kontraste biziak, eta urruneko irudi lanbrotsuen gris paregabeak, hondo gorenen eta nire paletak betikotu dituen paisaia integral bakarren elementu kardinalak”.
Ignacio Zuloagaren Segoviako egonaldiak 1898. urtearen amaieran hasi ziren; gerora, 1925ean, Pedrazako gaztelua erosi zuen.
Segoviako lurrarekiko maitasunaren beste froga bat izan zen erosketa hura.
Jose Rodaok hauxe idatzi zuen 1925eko abenduaren 3an, El Adelantado de Segovian: albiste bikaina Pedrazako herriarentzat eta Segoviarentzat… Gaur, Ignacio Zuloaga handia, Pedrazako gazteluaren jabea, <<urka eta aiztodun jauntzat>> hartua, baina aiztorik eta urkarik erabili gabe, artelanak eta maitasun-lanak egiten baititu…
Berehala, urte eta hilabete bereko 11n, Pedrazako herriak eskerrak eman zizkion idatziz artistari, Segoviako egunkari horretan. Udalak, udal-epaileak, herriak, parrokoak, medikuak, botikariak, maisu nazionalak eta Guardia Zibilaren postuko komandanteak konplazentzia agertu zuten zenbait paragrafotan:
“Berorren deitura ilustre eta mundu mailakoa betiko geratuko da Pedrazarekin lotuta…. herriko seme-alabek zin egiten diote ohoratuko dutela berorren deitura gogoratuz eta ondorengoei gogoraraziz 1925eko azaroko zorioneko gertaera, zeinak herri honen susperraldia ekarri baitzuen lelotzat harturik <<Pedraza Zuloagaren alde eta Zuloaga Pedraza de la Sierrako gazteluko jaun>>”.
Besteren testigantzek frogatzen dute lotura estua izan zutela Pedrazak eta Ignacio Zuloagak.
Mariano Gómez de Caso Estrada