Museoa

Ignacio Zuloaga Museoa. Pedrazako Gaztelua.

Honela dio Eibarko pintore handiak: 1908an: “… Nik Gaztelan baino ez dut pintatu nahi, Espainiako tokirik ederrena baita. Ziurtatzen dizut ezen, ezkonduta ez banengo, Segovia maiterako trenean izango nintzatekeela.”

1909an: “… eta gauza bakarrak atsekabetzen nau, hots, Segovia berezi horretan beti ezin bizi izateak…”

1917an: “Duela hemezortzi urte hasi nintzen Segoviara joaten; han margotu ditut nire koadro nagusiak, eta pintatzen jarraitu nahi dut ahal dudan bitartean, benetako maitasuna baitiot herri horri… “

1934an, Parisen, Gilbert Gillaume-Reicherrek elkarrizketa bat argitaratu zuen, eta esaldi hauek nabarmendu zituen: “Quels sont vos endroits préférés en Espagne, Maître? -J’aime Grenade, et le Mulhayacen, mais surtout j’aime Ségovie”.

1945ean, bat-batean hil baino hilabete batzuk lehenago, hau adierazi zuen: “Horregatik maite dut hainbeste Gaztela; horregatik eman dizkit Gaztelak erabateko lilura eta ilunantzak, kolore urdin, gorrimin eta horien kontraste biziak, eta urruneko irudi lanbrotsuen gris paregabeak, hondo gorenen eta nire paletak betikotu dituen paisaia integral bakarren elementu kardinalak”.

1925ean, Zuloagak, Gaztelan etxebizitza izateko desioa betetzeko, Segoviako Pedraza de la Sierrako gaztelu harkaitz gainekoa aukeratu zuen.

Orain, 2011ko udazkenean, haren bilobak, María Rosa Suárez Zuloagak, bilduma zoragarri bat utzi du Pedrazako herriaren, Segovia osoaren eta gaztelua bisitatzen dutenen eskura, euskal artista bikainaren beraren obra batzuez eta hark gaztetatik, aitaren eraginez, osatutako arte-bildumako pieza oso garrantzitsu batzuez osatua.

Ignacio Zuloagaren Segoviako egonaldiak 1898. urtearen amaieran hasi ziren.

Segoviaren aurkikuntzak eta bertan egin zituen lehen lanek ekarri zuten Europako artearen munduan aintzatespena lortzea.

1898. urtean, Daniel Zuloaga, haren emaztea eta haien seme-alabak bizi ziren etxean, Danielen eta Cándida eta Esperanza alaba zaharrenen erretratua egin zuen, zeina Frantziako Gobernuak erosi batzuen handik hilabete batzuetara Parisen, Luxenburgoko museorako. Koadroak “Mi tío y mis primas” (Nire osaba eta nire lehengusinak) du izena.

Ia berehala, Belgikako Gobernuak “El alcalde de Juarros de Riomoros y su mujer” (Juarros de Riomoroseko alkatea eta haren emaztea) koadroa erosi zuen, Anbereseko museorako; eta Gantekorako, “Tipos segovianos” (Tipo segoviarrak).

1899ko maiatzaren 18an, Bordeleko goi-burgesiako andereño batekin ezkondu zen, Valentine Dethomasekin. Eztei-bidaia luzea egin zuten, Segovian egonaldi luze bat eginez. Urte hartan eman zioten Lehen Domina Bartzelonako Arte Erakusketan.

1902. urtearen hasieran, Elkartekide titulua eman zioten Parisko Elkarte Nazionalaren Aretoan, eta Bruselan, Berlinen, Kolonian eta Düsseldorfen egindako erakusketen ondoriozko aitortzak etorri ziren gero.

Segovian, lasaitasuna eta mihiseetarako motiboak aurkitu zituen. 1900ean, Pablo Uranga Díaz de Arcaya margolari eta adiskide mina izan zuen lagun.

“Krimenaren etxe” abandonatua alokatu zuten. Daniel Zuloagaren “Ignacio y Uranga pintando” (Ignacio eta Uranga pintatzen) margolanak etxetzar horren errealitatera garamatza, non baitzegoen bi artisten tailerra: egurrezko kutxa handi bat eta margotzeko astoak besterik ez zegoen gela abandonatu bat. Oso litekeena da estudio horretatik atera izana, hurrengo urteetan, “Enano y dos tipos segovianos” (Enano eta bi tipo segoviar), “Aldeano segoviano con capa y sombrero” (Nekazari segoviar bat kapa eta kapelarekin), “El poeta DonMiguel” (Don Miguel poeta), “Antes del paseo” (Paseoaren aurretik), “El sereno” (Gauzaina), “La calle del amor” (Maitasunaren kalea), “Coquetería gitana” (Ijitoen koketeria), “Dos bebedores” (Bi edale), “Penitente con una calavera” (Penitentea garezurrarekin), “Viejas casas de Segovia” (Segoviako etxe zaharrak), “Rincón segoviano” (Segoviako txokoa), “Preparativos para la corrida” (Korridarako prestaketak), “El piropo” (Piropoa), “El vendedor de miel” (Ezti-saltzailea), “El alcalde de Torquemada” (Torquemadako alkatea) eta, agian, besteren bat.

1903an, Venezian Urrezko Domina Handia lortu zuen. Urte hartan hasi zen Rodinekin gutunak trukatzen, eta adiskidetasun sakona sortu zen bien artean, harik eta eskultorea hil zen arte. Hain zuzen, Rodinek aurkeztu zion Amalio Cuenca gitarrista eta flamenko klasikoko maisua 1910ean, eta hura ere adiskide mina izan zuen hil zen arte.

Espainiako Batzordeak herrialdearen ordezkarien taldetik kanpo utzi zuen Zuloaga. Hori ikusita, gonbidapen berezia egin zion Italiako Gobernuak. Hogeita bost artelan aurkeztu zituen, hamalau “segoviar”. Italiako Erregearen Sari Handia eskuratu zuen.

Bata bestearen segidan, hiri hauetara eraman zituen koadroak: Berlin, Dresden, Düsseldorf, Stuttgart, Munich. Eta arrakastatsu jarraitu zuen hiri hauetan ere: Londres, Glasgow, Rotterdam, Viena, Praga eta Budapest. Honela esan zuen Zuloagak: “Munichen neuk antolatu nituen nire hiru aretoak, eta inaugurazioa ostegunean izango da. Paz infanta familia osoarekin etorri zen nire koadroak ikustera, eta izututa atera zen”.

Erakusketara (1912) aipatu infanta joan zen, Luis Fernando Bavariakoaren emaztea, zeinak maiz igarotzen baitzuen uda La Granjan eta Segoviatik pasatzen baitzen familia aristokratiko batzuekin batera.

1914an izan zen azken aldiz Parisko Arte Ederren Elkarte Nazionalaren Aretoan. Aurrez izana zen 1894an, 1898an, 1899an, 1903an,1905ean, 1908an eta 1912an. 1914an, Zuloaga familiak etxebizitza inauguratu zuen Zumaian, Don Ignaziok erosi eta egokitu zuen Santiago Etxea finkan. Han, bere estudioa, bere bilduma artistikoen museoa, kapera eta guardien etxea ezarri zituen.

Urte horretan bertan, liluratzen zuen artista baten jaiotetxea erosi zuen Fuendetodosen, Goya goretsiarena, alegia. Gero, herrian, haurrentzako eskola ireki zuen, eta monumentu bat eraiki zion zaragozar jenialari, Julio Antoniok egina (1920).

1922an, aktiboki hartu zuen parte Granadako Cante Jondo Lehiaketan, antolatzaile eta laguntzaileekiko zaletasun eta adiskidetasunagatik: Manuel de Falla, Antonio Chacón, Andrés Segovia, Ortega Munilla, Rusiñol, Gallego Burín eta haren babespeko Amalio Cuenca.

1921ean hila zen Daniel osaba maitea. 1924ko urrian, Segoviak zeramista entzutetsuari egindako omenaldira joan zen, Emiliano Barralek egindako busto bat eraiki baitzuten, zeinaren buztinezko proiektuaren gainean Ignaciok hatzak jarri baitzituen aurpegia definitzen zuten ukitu batzuk gehitzeko.

Pedraza herriko gaztelua erosi zuen. Rodao leialak, Segoviara iritsi zenetik konfiantza osoko lagun min izan zuenak, idatziz jaso zuen Zuloagarekin Pedrazara eginiko bidaia ugarien lekukotza. 1912/9/04an eta 1925eko apirilean eta azaroan izan zirela kontatzen du, eta erosketaren berri ematen du, zeinaren fede eman baitzuen Segoviako notario jaun Luis Rincón Lezcanok, 1928ko apirilaren 11n.

Pedraza, garai hartan, jende gehien ibiltzen zen bideetatik urrun zegoen, eta gaztelutik, greziar akropoli bat balitz bezala, behin begiradaren gezia jaurtita, kilometro asko eta asko egin zitezkeen. Atseden hartzeko eta meditaziorako lekua zen. Hiru koadro baino ez zituen egin euskal margolari handiak. “Zuloaga auzia”, urte askoan tertulietan eta egunkarietan eztabaidatua, oso atzean geratu zen.

Gaur egun, Zuloagak ez du bere burua defendatu beharrik, nazioartean onartu eta miresten dute pinturaren jenio gisa. Meditatzeko eta atseden hartzeko gazteluratu zen, ez bere burua defendatzeko; lantegi gisa erabiltzeko eta familiaren berotasunaz gozatzeko berreraikitako hormen artean, “Gaztelaratuta” sentitzen da, hainbesteko inspirazio-iturri izan zuen Gaztela maitean.

Lan asko egin zuen urte haietan Zuloagak. Rodaok, adeitasun berdingabearekin, Adela alabaren ezkontzan aitabitxi izateko eskatu zion (1926), Ignacio Carral segoviar ezagunarekin batera. Urte hartan, 1926an, lehen aldiz, Espainiak omenaldi berezia egin zion margolari ospetsuaren lanari, eta Arte Ederren jauregiko aretoak eskaini zizkioten. Alfontso XIII.a erregeak inauguratu zuen erakusketa.

Urte horretan, “Posada Los Vizcaínos”eko (Bizkaitarren ostatua) patioa erreproduzitu zuen bi marrazkitan, zeinek ilustratu baitzuten Fallaren “El retrato de Maese Pedro” (Maese Pedroren erretratua) obra.

Errepublika aldarrikatu zutenean, 1931n, Madrilgo Arte Modernoaren Museoaren Patronatuaren presidente izendatu zuten.

Handik aurrera, erretratu ugari egin zituen. Haien artean, lagunenak nabarmentzen dira; batzuk 98ko Belaunaldiko kideak. Berriro saritu zuten Veneziako Biurtekoan, Mussolini Sari Nagusiarekin (1938).

Urte asko lehenago lorturiko loriaz gozatu zuen; Madrilen, Espainiaren isla, miretsi, lausengatu eta saritu egiten zuten. Ignacio Zuloaga bat-batean hil zen, Las Vistillaseko estudioan, Madrilen, 1945eko urriaren 31n.

Mariano Gómez de Caso