Pedraza

Lan zaila eta nekeza da Pedrazaren, Petraria erromatarraren, historia ikertzea. San Miguel parrokiako dorrea nagusitzen da etxegunean, zeina estu itsasten baitzaio inguratzen duen harresiari. Gotorlekuak bi dira: hiriko atea eta gaztelu ospetsua.
Espainiako Alfontso X.ak aginduta apailatu zen Espainiako Historia Orokorrean hauxe agertzen da: “Trajano espainiarra zen, eta Extremadurako herri batekoa, Pedraza”.
Musulmanen agintaldian Kordobako kalifa Abderramanen (731-788) aldi baterako bizilekutzat aipatzen da Pedraza.
Alfontso VI.ak lurralde musulmana berriz konkistatu zuenean, Sepulveda hurbileko jaunen jabetzakoa izan zen Pedraza, eta, ondoren, Segoviako gotzaindegiaren jabetzakoa (Kalisto aita santuaren bulda, 1123). Ia XIV. mendearen erdialdera arte, errege-hiria izan zen.
Orduan, Alfontso XI.ak Fadrique semeari eman zion, jaurerri gisa. Laster hartu zuen mendean erregeak berriro.
Geroago, Henrique Trastamarakoak, Pedro erregea anaiarekin izan zuen borroka fratizidan (1369-03-23) lagundu ziona —Fernando Gómez de Albornoz jauna— saritu behar izan zuenean, Pedraza eman zion, jaurerri gisa.
Juan I.ak, Henrique II.a Mesedeetakoaren semeak, herria eta gaztelua eman zizkion García González de Herrerari. Herreratarren armak gazteluko horman ageri dira.
XV. mendean amaitu zen familia horren jabetza. Blanca de Herrera andreak, García jaunaren alaba bakarrak, ezkontza-dotean eraman zuen hiribilduko jaurerria, Bernardino Fernández de Velasco Gaztelako II. kondestable, Haroko III. konde eta Fríaseko I. duke jaunarekin ezkondu zenean (1472-07-27). Fríasen etxeak Navafriako bizilagunei saldu zien, eta María González Vicentek eta haren seme Victoriano eta Eloy García Gonzálezek Ignacio Zuloagaren esku utzi zuten, esan bezala.
HARRESIA ETA HIRIBILDUKO ATEA

Agian XI. mendearen hasieran eraikiko ziren baserria inguratzen zuten defentsak. Hurrengo mendean, harresi indartsu batek erabat inguratuta zegoen Pedraza. Sarbiderik onena zuen eremuan, ate bat ireki zen —dorre gotortua—, gaur egun dagoena. Hura eta gaztelua, justu beste aldean, defentsa bikainak ziren.
Hiriko atea da, baserrirako sarrera bakarra, eta etengabe zainduta egongo zen, mota guztietako hornidurak eta pertsonak kontrolatzeko.
Denborarekin, kartzelazaina arduratzen zen atea irekitzeaz eta ixteaz ilunabarrean eta egunsentian, eta lan horrek XX. mendearen lehen laurdenera arte iraun zuen. Han bizi zen. Baina irekigune falta hori oso positiboa izan zen kartzela han kokatzeko. Atearen arkuak hartzen duen espazioa kenduta, gelak maila desberdinetan daude. Norbaitek esana du Pedraza herriko kartzela Gaztelako ilunenetakoa dela.
HARRESI BARNEKO PEDRAZA.

Bere izaeragatik, Gaztela goraipatzen duten hiri horietako bat da Pedraza; eta ez Gaztela bakarrik, baita Espainia ere. Plaza eskualdeko ederrenetakoa eta benetakoenetakoa da; bertan ez dago garaitik kanpoko ezer, eta aurreko mendeetan izan zen bezalakoa dago.
Ostatua, farmazia, kantinak, eliza, udaletxea, etxe nagusiren bat. Pilastra lerdenen gainean dauden ataripeek —hegoaldean eta mendebaldean jarritako zutabeen aukera anarkikoa— babeslekua eskaintzen zieten, bai eguzki-galdatan zeudenei, bai neguko bisutsak jasan behar zituztenei.
Elizak tribuna bat du, udaletxeak bezala; zezenketak, prozesioak edo beste edozein gertaera ikus zitekeen handik.
Plazatik ateratzen den edozein kaletan paseatu behar da mendeetako hautsaz blaitzeko; harrizko etxeak daude, harlanduzko eta harlangaitzezko fatxadadun etxeak. Kale horietako batek gazteluraino eramango gaitu.
Mariano Gómez de Caso